|
|
||||||||||||||||||
|
||||||||||||||||||
|
-Iritzia- San
Fermin eta Nafarroako martirioa
F.J. Ventura San Juan
Fermini latindar inperiora ez makurtzeagatik egin zioten segizioa, eta
gauza bera gertatu zitzaion Nafarroa kristauari Erroman egoitza zuen
elizaren inperioaren estandarte ziren etsai sutsuen aurrean ez
makurtzeagatik. Santua Erromako Valerio prefektuak espetxeratu zuen
lehen aldiz, eta gure Nafarroa Alfontso VII.a enperadoreak inbaditu eta
arpilatu zuen lehendabizi. Baina Ferminen
kasuan bazen beste gauza larri bat: Amienstik (Samarobriga) Zerura
bidali zuten irailaren 25 batean zituen bertute guztiak aitortzeko,
horrelaxe agindu baitzion pocico-an San Saturninok. Nafarroari, 1515eko
uztailaren 7an, Gaztelako purgatoriora (infernura ez esatearren) batzeko
agindu zioten Burgosko Casa del Cordonetik, eta hori guztia Uñas Largas
bilauaren ustezko konkista eskubide ukatuetan oinarrituta egin zen.
Nafarroako Erreinuaren konkista eta transferentzia Gaztelako Koroara
aitasantutzaren aldizkako agintean oinarrituta. Thomas Hobbesek
guztiz bidegabe eta hutsaltzat jo zuen hori 1651n ikuspegi erlijioso eta
juridiko-politikotik. Denetan bitxiena, edo larriena nire ustez, hau da:
gure Erreinua Gaztelara batu zeneko urteurrena ospatzen dugula, gure
Santuaren jaiak egiteko aitzakian. Azaldu duguna aipatu dugun gotzainak
eragin zuen; hala azaltzen dute bederen: «Ganaduaren eta klimaren
arrazoiak zirela medio, eta gehiengoak hala eskatuta, urritik uztailera
aldatu omen zituen jaiak, aurrez bi aldiz bildu zen Sinodoak eskatu zuen
bezalaxe. Uztaileko lehenengo egunak aukeratzea lehenetsi zutenez, 7a
aukeratu zuten, urte hartan igandea egokitzen zena, Mendekoste ondorengo
bosgarren igandea». Atentzioa
ematen du gaurko ikuspuntutik hori garai hartan iseka modura ez hartzeak
eta kexarik ez izateak; halere, argi dago oso zaila zela protestak
egitea; izan ere, iruindarrek berek eskatu zuten ospakizuna udara
aldatzea. Bestalde, ezin ahaztu dezakegu 75 urte igaroak zirela jada,
eta orduko bizi-esperantza kontuan hartuta, ziurtatu liteke ez zegoela
jada anexioaren gertaera deitoragarria oroituko zuen garaikiderik.
Garaiko inkisizioaren jardun suhar eta torturatzailea, Gaztelaren oparia
hori ere, ez zen oso lagungarria izango gotzainaren erabakia auzitan
jartzeko, eta are gutxiago oraindik Santu patroiaren ospakizuna
eztabaidatzeko. Kontua hau da: Amaneo Albret Labrit gotzain nafar leiala,
baita kardinala ere, 1520an hil zenetik, eta enperadoreak zorigaiztoko
Juan Rena izendatu zuenetik, gaztelarrek jarraitu egin zuten gotzainen
egoitza kolonizatzeko bitarteko modura erabiltzen, baita espioitzarako
ere, AGNen Juan Renaren paperak argi eta garbi ikus daitekeen bezala.
Bernardo Rojas Sandoval izan zen horietako bat, gotzain izan arren
eragile politiko hutsa zen Gaztelaren zerbitzura.
Deniako Markesa
(Fernando II.ak ohore asko emandako familia) familiakoa zen bera, eta
familia horretako titularra eta iloba zen Filipe III.aren gizon makurra,
zeina gero Lermako Duke izendatuko zuten; kardinal horri egiten dio
erreferentzia garaiko kopla honek: «Urkatuta ez hiltzearren, Espainiako
lapurrik handiena kolorez jantzi zen». Deigarria da Bernardo bere
artzapezpikutzan azkenaldera, eta baita kardinaltzan ere, Bernardo
Sandoval Rojas modura agertzea, abizenen hurrenkera aldatuta alegia;
iruditzen zait Lermako Dukearekin zuen lotura azpimarratu nahi zuela,
Francisco Gomez Sandoval Rojas hain justu.
Ez dakit
zenbateraino duen zerikusirik kontu honekin 1643an Diputazioak emandako
bandoak. Bando horretan, Xabierko San Frantzisko aldarrikatu zuten
Nafarroako patroi bakar; Udala, Udalbatza eta Kuriako zatia haserretu
egin ziren, eta liskar eta bitartekotzen ostean, Alexandro VII.ak
zigortu zuen azkenean 1657an bien kopatronatua Nafarroako Gorteek 1622an
hartutako Hiru Estatuen akordioari kontra eginda. Gaizki-pentsatua naizela leporatuko didate batzuek, eta horrelako kointzidentziak historian halabehar hutsez gertatzen direla esango didate beste batzuek, eta nik ez diet kontra egingo, baina argi dago Elizak izan zuen portaera txarra Nafarroako Erreinuaren kontra eta Gaztelako konkistadore zitalaren alde. Beraz, hori da nire zalantza, eta informazio zehatzagorik ez dudanez, biziki eskertuko nioke ekarriren bat egin lezakeen edozeini. Horiek horrela, eta sanferminetarako nire zaletasunak erabatekoa izaten jarraituko duen arren, uko egingo diot uztailaren 7an edozein ospakizun egiteari. Halaber, jakin beharra daukat ea Iruñeko Sandoval kalea Gaztelako Kantzelari horren omenetan egina den, hala balitz, erreferentzia gisa ere ez erabiltzeko. (Izan ere, Frai Prudencio Sandoval Iruñeko gotzain ere izan zen 1612an, eta, bitxia bada ere, bazuen loturarik Lermakoarekin, eta nahiz eta boteretsuen gaineko bere biografia laudagarriak mundu guztiari barrea eragin, bera gutxienez ez zen izan aipatu dudan iseka horren arduraduna). |
||||||||||||||||||
|
© PARTIDO CARLISTA DE EUSKAL HERRIA -E.K.A. EUSKAL HERRIKO KARLISTA ALDERDIA |
||||||||||||||||||
|
|
||||||||||||||||||